XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Historian zehar

Ekialde Hurbileko zibilizazioen artean hasieran Egiptoko inperioa eta Mesopotamiako inperio desberdinak (Babilonia, Asiria, Akad) izan ziren nagusi, harik eta K.a. VI. mendetik aurrera Pertsiarren inperioak inguruko beste guztiak menderatu zituen arte.

Egipton nekazaritza izan zen jarduera nagusiena, jendetzaren %90 horretara dedikatzen zelarik.

Nilo ibaiak ureztatutako lurrak lantzen zituzten. Batez ere garia, mahatsa, oliba eta linoa, eta maila apalagoan mahatsa, datilak, pikuak e.a. ekoizten zituzten.

Urtean bi uzta oparo jaso ohi zituzten eta lurrak lantzeko idiek tiratako goldeaz baliatzen ziren. Hegazti-granjak ere bazituzten eta abeltzaintzan ere aritzen ziren.

Artisautza eta merkataritza ere ezagutu zituzten.

Egiptoko nekazaritzaren ezaugarri nagusiena lurraren jabetza izan zen. Lur guztia faraoiarena zen, nekazariek uztaren zati txiki bat besterik ez zuten jasotzen lanaren truke, beste guztia faraoiarentzat izan ohi zen.

Faraoiaren ardurapean egiten ziren nekazaritzako jarduerarik garrantzitsuenak: uzta jasotzea, zergen ezarpena, lurren banaketa, biltegiak...

Mesopotamian K.a. 3000. urtetik aurrera hiri-estatu asko sortu ziren (Ur, Uruk, Akad, Lagash, Babilonia, Asur, Ninive, Susa, Pertsepolis) eta Egiptokoaren antzeko ekonomia garatu zuten, nekazaritzan oinarritua: garia, garagarra, oliba, palmondoak, fruitarbolak... Abelazkuntza ere aipagarria zen, lurra hain aberatsa ez zen guneetan (ardiak, behiak, txerriak, ahuntzak...).

Merkataritzak ere bere garrantzia izan zuen.

Gizartea zeharo hierarkizatua (mailakatua) eta lanaren banaketa nahiko finkatua zegoen, lanbide desberdinak zirela bide (artzainak, nekazariak, militarrak, artisauak, merkatariak, etxegileak...). Erregeak eta kleroak (elizjendea) garrantzia handia zuten, eurak baitziren lurren jabe eta soberakinen administrari.

Indiako ekonomia ere nekazaritzan oinarritua zegoen.

Jendea herrisketan antolatuta zegoen eta herriska horiek buruaskiak ziren. Nekazaritzan abereen indarraz baliatzen ziren eta arroza, garia, garagarra eta kotoia autokontsumorako lantzen zituzten. Herrisketan baziren artisau gutxi batzuk eta merkataritzak berriz, ez zuen hainbesteko garrantzirik.

Gizartea, hurrengo unitatean ikusiko duzun bezala, kastatan banaturik zegoen eta lan banaketa oso zehaztua zeukaten.